Landa eremua ataka estuan dago, eta ondorioz, mendeetan zehar lurraren zaintza eta ekosistemen jasangarritasuna bermatu zuten antzinako jakintza eta egiteko modu asko desagertzeko arriskuan daude. Baina zein paper du egoera honetan kulturak? Arteak? Transmisioak?
Erronka argia dela irizten diote lehen sektoreko profesionalek, artisauek, kultura bitartekariek eta gaian interesa duten herritarrek: sektore berrien beharrekin konektatu behar da. Hala ondorioztatu dute Igartubeiti Baserri Museoan eta Patrim 4.0 proiektuaren barruan egin den “Lurraldea, tradizioa eta transmisioa” topaketan parte hartu dutenek.
Urtea: 2026
2026
Lekua
Igartubeiti Baserri Museoa
Argazkiak: Gattiken
Kultura, artisautza, nekazaritza eta artzantza elkarrizketan jarri ditugu Igartubeiti Baserri Museoan egindako topaketan, jasangarritasunaren eta jakintzaren transmisioaren alde. Izan ere, baserria, oroimenaren eta landa-ondarearen sinbolo bizia, leku ezin hobea da kulturak, bitartekaritzak eta praktika tradizionalen berreskurapenak egungo erronkei aurre egiteko tresnak nola eman ditzaketen eztabaidatzeko.
Eta gaiak eman du eztabaidarako. Tira-birarako baino, ordea, akordiorako lerroak finkatu dira topaketan. Parte hatzaileen artean ideia bat nagusitu da: kulturak aldaketarako bidea bultzatu behar du, sortu diren behar berrietara egokitu. Baina gizartearen eta administrazioaren bultzadarekin.
Biziola kooperatibako Intza Barandiaranen esanetan, “kulturak landa eremuko eredu posibleak ikustarazteko balio du, baina bukolikotasunik gabe”. Josebe Blanco artzainaren eta idazlearen ustez, “munduan egoteko modua errotik aldatu behar da”. “Kulturak errelato bat osatzeko balio du, baina beste funtzio garrantzitsu bat ere badu krisi multisistemiko honetan: etorkizun posible eta bizigarriak irudikatzea”.
Igartubeiti Baserri Museoak, Patrim 4.0 proiektuaren helburuei tiraka, landa eremuan bizi eta lan egiten duten pertsonei eman die ahotsa: “Topaketa honekin errekonozimendu bat ere egin nahi izan diegu, beraien jakintzak ezagutzera ematen dituztelako eta historikoki ekosistemaren jasangarritasuna bermatu dutelako”, adierazi du Igartubeiti Baserri Museoko koordinatzaile Kizkitza Ugarteburuk.
Museoak gizarteratzeko eremu gisa
Beste sektore batzuetako beharrekin konektatzeko erronka handia dute museoek gaur egun, Ecomuseu de les Valls d’Aneu museoko Jordi Abellaren ustez. Baina zein erronka dute museoek horri erantzuna emateko? “Jendearentzat erabilgarri nola izan gaitezkeen jakitea da guretzat erronka, horregatik, gure erosotasun eremutik irten behar dugu, museoko paretak zeharkatu behar ditugu, eta lurralde ez idealizatu bateko biztanleekin, haien beharrekin, arazoekin, estrategiak garatu behar ditugu”.
Abellaren arabera, “bilakaera duen zerbait bezala aldarrikatu behar dugu ondarea, iragana eta etorkizuna uztartuta”. Antzeko ideia azpimarratu du Maria José Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak ere, eta gaineratu du “museoak jakintzaren transmisioan eta zaintzaren alde egin dezaketenaren eredu bat” izan dela topaketa.
Artea ere aldaketarako eragile
“Ez badugu erakusten artisautza baloratzen eta nola egiten den, ez da erreleborik egongo”. Argi mintzatu da Itziar de la Granja Zumitzi Saskigintzako artista. Muturbeltz elkarteko Laurita Siles-ek ere artearen balioan egin du azpimarra: “Artea oso tresna baliotsua da, gai pila batetiko iragazkorra delako. Nik egunero ikasten dut lurraldetik, eta sortzaile naizen aldetik, une oro naiz lurraldera iragazkorra”.
Artisauen eta egiten duten lanaren garrantzia ere goraipatu du Maduixagorria proiektuko arduraduna den Sandra Clivillek: “Zerbait hasieratik amaierara egiten dugun guztiok argi puntuak gara. Argi puntu gehiago egon behar dira”.
Eta zer dio administrazioak?
Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioko Cultura y Ciudadanía ataleko ordezkaria da Andrea López Azcona. Bere arabera, “administrazioak onartu egin behar du lurraldean kultura zer den, eta horretarako, lehenik, beharrezkoa da gaur hemen aipatu diren proiektuak eta horrelako gainerakoak kategoria espezifiko gisa babestea”. Hori emateko arazoa ere identifikatuta du López Azconak: “Ondarearen ikuspegia zabala izan behar da, eta horrek sektorekako gurutzaketak eta mekanismo espezifikoen diseinua eskatzen du, jakintza eta ezagutza tradizionalak kontserbatzeko proiektu horiei laguntzeko”.
Elkarlana, etorkizunerako giltza
Kizkitza Ugarteburuk eman du etorkizunerako gakoetako bat: “Patrim 4.0 eta inguruko sarea osatzen dugun partaideak museo txikiak gara, eta sakabanatuta lan egin ordez, askoz ere aberasgarriagoa da elkarrekin aritzea”. Erronkak partekatzea, beharrak adieraztea, eta etorkizunean proiektuak nola bideratu zehazteko ildo nagusiak batera aztertzea eta zehaztea izango da gakoa.