Ozeanoen aurkikuntza

Tornabidaia Andrés de Urdanetaren begietatik

“Elkano-Urdaneta: ozeanoen aurkikuntza” erakusketak Juan Sebastian Elkanoren bigarren bidaia ezezagunaren bosgarren mendeurrena ezagutarazi eta gogoratzen du; bidaia horrek, Andrés de Urdanetaren ekarpenari esker, ozeanoen arteko nabigazio globala lortzen lagundu zuen.

Euskal Itsas Museoak erakusketa honetan aipatutako bidaia kontatzen duten maketak, margolanak eta dokumentuak bildu ditu, 30 pieza inguru, tartean “La muerte de Juan Sebastián Elcano en su navío” lana; Federico Guevara margolari narratiboak egindako obra hau erakusketa honetarako berreskuratu eta zaharberritu da.

Erakusketak, halaber, gune didaktiko bat dauka, eta, gainera, Euskal Itsas Museoak familientzat diseinatutako koaderno bat eta jarduera-programa zabala prestatu ditu.

Urtea: 2025
2025

Tokia:

Euskal Itsas Museoa

Kolaboratzaileak:

Gipuzkoako Foru Aldundia, Gordailua, Legazpi Dorretxea, Antzazuko Santutegia, San Telmo museoa, Ordiziako Udala.

  • Aholkularitza eta gizarte berrikuntza
  • Museo eta kultura-ekipamenduen kudeaketa
  • Kultura-bitartekotza
  • Kultur programazioa

Argazkiak: Cantabrique

Museotik azaldu dutenez, «Lehen Mundu Biraren ondoren, Elkanoren bigarren bidaia izan zen, hain zuzen ere, ozeanoen aurkikuntza-prozesuaren bigarren atala; hau da, Andres de Urdaneta bere ikasleak gauzatutako ozeano-nabigazio global eta mugarik gabearena, eta zalantzarik gabe Euskal Herriak Gizateriaren historiari egin dion ekarpen handiena».

Lorpen horren garrantzia halakoa izanik, Euskal Itsas Museoak “Elkano-Urdaneta: ozeanoen aurkikuntza” erakusketa sortu du bidaia hori nola prestatu zen azaltzeko.

Hala ere, museoak bidaia ikuspegi berri batetik aurkezten du: Andres de Urdanetan ardaztuta, XVI. mendeko erronka nautiko handienaren —tornabidaiaren— ebazpenean funtsezko figura izan baitzen. Moluketara iritsi izanak eta Indonesian ia bederatzi urtez egon izanak aukera eman zioten bertako nabigatzaileengandik ikasteko eta Ekialdeko eta Mendebaldeko ezagutza nautikoak uztartzeko.

Baina, nola aurkezten du museoak?

Gordailua, Legazpi Dorretxea, Arantzazuko Santutegia, San Telmo Museoa eta Ordiziako Udala bezalako erakundeek lagatako lanen bidez, museografia zainduarekin erakutsita; bertan, ozeanoei eskainitako pieza zentral batek bidaia pausoz pauso jasotzen du, testuen eta elementuen bidez bisitariari garai hartako bidaiaren xehetasunak erakutsiz.

Erakusketan zehar garrantzi handiko hainbat elementu jarri dira, erakusketa kronologikoki zatituz, bisitariek xehetasun guztiekin jarraitu ahal izan dezaten Elkanok eta Urdanetak egindako bidaia, baita Urdanetak Indonesian egindako aurkikuntzak ere, besteak beste.

Lan argitaragabeak eta publiko guztientzat

Erakutsitako piezen artean, besteak beste, maketak, margolanak eta dokumentuak ikus daitezke, tartean Euskal Itsas Museoaren ekimenez berreskuratu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako margolana: “Juan Sebastian Elkanoren heriotza bere ontzian”.

Era berean, Euskal Itsas Museoak gune didaktiko bat sortu du material interaktiboekin, hezkuntza-jokoekin eta irakurketa-eremu batekin, bai publiko gazteari bai helduari zuzendua, eta erakusketa bisitatu ondoren modu autonomoan egiteko pentsatua.

Baina Donostiako portuko Dorretxeko lantaldeak urrats bat gehiago eman du, eta familientzat bereziki diseinatutako koaderno bat sortu du. Koaderno horren helburua da erakusketaren ulermena erraztea eta azaldutako edukien inguruko hausnarketa sustatzea.

Erakusketa honekin batera, Euskal Itsas Museoak diseinatutako jarduera-programa zabala eskainiko da, topaketak, bisita gidatuak eta tailerrak barne, helduentzat eta familientzat, 2026ko urtarriletik aurrera.