Lan piktoriko baten zaharberritzea

Juan Sebastián Elkanoren heriotza bere itsasontzian

Loaisa-Elkano espedizioaren bosgarren mendeurrena dela eta, Euskal Itsas museoak Juan Sebastian Elkanoren heriotza bere itsasontzian izeneko lan piktorikoa berreskuratu du “Elkano-Urdaneta: Itsasoen aurkikuntza” erakusketarako. Erakusketa 2026ko urrira arte ikusi ahal izango da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du pieza honen zaharberritzea, eta Euskal Itsas Museoa izan da proiektu honen bultzatzaile nagusia. Zaharberritzea, Donostiako Oválo estudioan egin da, bi hilabete behar izan dira guztiz konpontzeko. Lurdes Plano izan da margolan honi berriro bizia eman dion pertsona, koadroan ikusten ez ziren elementu berriak agerrarazi ditu, lanari buruzko ikuspegi berri bat emanez.

Urtea: 2025
2025

Tokia
Euskal Itsas Museoa

Irudiak:
Cantanbrique

  • Erakusketen diseinua eta museografia
  • Aholkularitza eta gizarte berrikuntza
  • Museo eta kultura-ekipamenduen kudeaketa
  • Kultur programazioa

 

Margolana San Telmo museoko funtsa da eta Gordailuan kontserbatu da. Federico Guevara (Baiona, 1875 – Tolosa, 1950) margolari narratiboak eta Tolosako Arte eta Ofizio eskolako zuzendari izandakoak margotu zuen, bere garaian ospe handiko margolaria izan zena. Lana, 1920an egina, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskakizuna izan zen. Margolanak, Elkano hilzorian bere testamendua sinatzen eta bere ezagutzak Andres Urdanetari transmititzen irudikatzen du, bere tripulazioko hainbat kiderekin batera.

Zaharberritze prozesua zatika

Zaharberritze proiektuaren lehenengo zatia margolanak zeuzkan urraduren eta euskarri originalaren konponketa izan da. Hurrengo zatian, adabakiak ipini ondoren margolanaren garbiketa egin da. Zati hau zaharberritze prozesuko zailena dela azaldu du Planok: “Fase hau zailena izan ohi da, margolan guztiari batasuna eman behar diozulako”.

“Zaharberritzearen azkenengo fasean, margolanak bere irakurketa errekuperatu behar du, itzulera kromatikoa deritzon honi. Akuarelarekin pieza guztia berreskuratu ondoren, gainazal piktorikoa barnizatu egiten da, eta azkenik, barniz-pigmentuen bidez berrintegrazio kromatikoa egiten da. Prozesu honetan regatinoaren teknika erabiltzen da, hau da, abstrakzio kromatiko batekin lerro bertikalak egitea”.

Maketak, margolanak eta dokumentuak

2025 eta 2026 artean Loaisa-Elkano (1525-1536) bidaiaren bosgarren mendeurrena ospatzen da, gizateriaren itsas historian egindako egitandi garrantzitsuenetariko bat. Margolana “Itsasoen aurkikuntza” erakusketan ikusi daiteke, ozeanoz haraindiko zeharkaldi hori nola prestatu zen azaltzeaz gain, erakusketak Andres Urdanetaren ekarpena nabarmentzen du, bera izan baitzen ekialdeko eta mendebaldeko itsas ezagutzak uztartuz ozeanoak nabigazio globalera irekitzea ahalbidetu zuena.

Donostiako portuko dorretxean, bidaia zirraragarri honen historia kontatzen duten hainbat maketa, margolan eta dokumentu aurkitu daitezke. Horrez gain, gune didaktiko bat eta familientzako kuaderno bat ere sortu dute Euskal Itsas Museoan erakusketarekin lotuta.