“Hurrengo geltokia: Amara-Easo” erakusketa Donostian bizi, lan egin edo hiria sentitzen duten pertsonen elkargune bat bezala aurkezten da. Euskadiko Arkitektura Institutuak antolatu du erakusketa OFF Mugak/ programaren baitan, eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatu du, Donostiako Udalarekin lankidetzan. Baina ekimen hau ez da erakusketa soil bat: Donostiaren hiri-etorkizuna elkarrekin pentsatzera egindako gonbidapen bat da.
Auzokideak, elkarteak, kultur eta gizarte-erakundeak eta profesionalak azken hamarkadetako hiri-eraldaketako prozesurik garrantzitsuenera hurbiltzera, deskubritzera eta modu aktiboan parte hartzera gonbidatzen ditu erakusketak: Playa de Vías operazioa.
Urtea:
2025
Tokia:
Donostia. Easo 43 kaleko suhiltzaileen parke zaharrean
Antolatzailea
Euskadiko Arkitektura Institutua
Kolaborazioak: :
Eusko Jaurlaritza eta Donostiako Udala
Argazkiak: Mikel Blasco
Erakusketak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntuala idazteko lehiaketa publikoan saritutako bost proiektuak biltzen ditu, Amara-Easo eremuan, eta erakusketa-ibilbide bat proposatzen du panelak, planoak, maketak, marrazkiak eta errealitate birtualeko esperientzia bat konbinatzen dituena, bisitariek lehiaketa publikoan parte hartu zuten proiektuak zehatz-mehatz ezagutzeko aukera izan dezaten. Gainera, sarrerako panel batean, jarduketa-eremuaren historia eta trenbidea lurperatu ondorengo etorkizuneko plana jasotzen dira, hiri-eraldaketa handi horren testuingurua kokatzeko.
Prozesu kolektiboa
Era berean, erakusketaren formatua bereziki esanguratsua da. Ez da soilik erakustea, baizik eta entzutea eta kolektiboki eraikitzea. Horretarako, parte hartzeko gune bat prestatu da, eremu berri horrek barne hartu beharko lituzkeen ekipamenduei, espazioei eta erabilerei buruzko kezkak, ideiak eta iradokizunak jasotzeko. Horrela, “Hurrengo geltokia: Amara-Easo” erakusketa hiria eta komunitatea ehuntzeko tresna bizia bihurtzen da, herritarren ekarpenak azken proposamenaren parte izan daitezen ahalbidetuz.
“Hurrengo geltokia: Amara-Easo” erakusketa bat baino askoz gehiago da. Ideien laborategi herritarra da. Arkitektura herritarrei zabaltzen zaien espazioa.
Erakusketa Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalarenbarruan kokatuta dago, eta azaroaren 14ra arte bisitatu ahal izango da Suhiltzaileen Parke zaharraren eraikinean (Easo 43, Donostia), asteartetik igandera, 17:00etatik 20:00etara.