Bigarrengoz burutu du Zumalakarregi Museoak “Artxibo Praktikak” programa. Museoko artxiboaren irakurketa berriak proposatzea du helburu, kultura garaikideari lotutako pertsonek sortutako begirada eta ibilbideen bidez. Horretarako, azken hiru urte hauetan kultura garaikideari lotutako hainbat diziplinatako profesionalak gonbidatu ditu Zumalakarregi Museoak bere artxibora, berau berrinterpretatzeko, gogoeta eta esanahi berriak sortzeko eta museoko funtsak kritikoki berrinterpretatzeko.
Hainbat hilabetez horretan aritu da Maialen Lujanbio, eta “Soinu ak zeinu ak soinu” izenburupean erakusketa proposamen bat egin du. XIX. mendean komunikazio moduek izan zuten bilakera jasotzen da bertan.
Urtea: 2026
2026
Tokia
Zumalakarregi Museoa
Babeslea:
Irizar
Argazkiak: Josu Altzelai
Hiru lengoaia ezberdin uztartzen dira proposamen honetan: irudiak, testu zatiak, eta soinua. Hiruak elkar osatuz biribiltzen da erakusketa, eta hirurei beren nortasuna, lekua eta garrantzia eman zaie museografia arin eta leun batekin. Ikusi eta entzun daitezkeen sorkuntzek dute inportantzia, eta horiek nabarmendu dira.
Zumalakarregi Museoaren aldi betarako erakusketen aretoko iluntasun abegikorrean nabarmen kokatu dira erakusketa honetako piezak, pareten marroi ilunarekin kontrastean, horma zurietan: museoko artxiboko grabatuak, letrak, zeinuak, marrazkiak, dokumentuak… horiek izan ditu aztergai Maialen Lujanbiok, eta horiei beren protagonismoa eman zaie.
Argiztapena ere helburu horretara bideratu da, pieza bakoitzari bere lekua emateko, baina artxiboko pieza originalen kontserbazioa bermatuz, beti. Berdin kokapenari dagokionean ere, pieza originalen kontserbazioa bermatzeko koadroak erabili dira, ukituetatik eta eremuan sor daitezkeen zikinetatik babesteko.
Kontakizunak ez du XIX. mendeko istoria zehatza jasotzen, hori ez baita izan artistarten helburua. Komunikazioaren bilakaera aztertu eta bere begiradatik aurkeztu nahi izan du Maialen Lujanbiok XIX. mendetik gaur egunera arteko ibilbidea eta garapena. Erakusketa modu zirkularrean aurkeztuz lortu da helburu hori betetzea.
Lujanbiok erakusketa proposamen honetarako berariaz sortuako soinu piezei ere garrantzia eman zaie, “Soinu ak zeinu ak soinu” erakusketan pisu garrantzitsua baitute. Bertsoak eta soinu pieza propio bat sortu ditu Lujanbiok, eta Xabier Erkizia soinu artistaren gidaritzapean osatu du erakusketarako soinu instalazioa. Entzungai dagoen soinu pieza bakoitza erakusketan integratu da, bolumen eta errepikapen jakin batekin.
Elkar ulertzeko lengoaiak eta elkarri ezkutatzekoak aztertu eta aurkeztu ditu erakusketan Lujanbiok: “Ahozko mundu bat bizi duen garai batetik, teknologietatik barrena gaur eguna irudikatu arte”. Erakusketak aurkezten duen konfidentzialtasunaren eta mezu ezkutuen ideiari segita, bisitariak ere, dekodetu egin beharko ditu informazio zatiak, eta osotasun bat konposatu ahal izango du ikusitakotik, entzundakotik eta idatzizkotik.
Hala, ageriko eta ezkutuko jolas horri lotuta, eta erakusketa osatzen duten hiru lengoaia horiei lotuta, alfabeto propio bat sortu da proiektu honetarako. Modu honetan, bisitaria erakusketan murgiltzera animatzen da, ibilbidean zehar aurkituko dituen mezu kodetuak deszifratzera gonbidatuz.
Ahozko mundua eta entzuteko edukia uztartuz, irudien artean, bertso erdi-ezkutatu eta erdi-agerikoen bidez egiten da narrazio subjektibo bat erakusketan. Isilka eta belarria jartzen duenarentzat entzungarri dena horretarako propio jarri diren ezkutuko bozgorailu batzuen bidez. Horiek narrazioa osotara deszifratzen dute, baina ahozkotasuna galkorra denez, ibilbidearen bukaeran bertso paper bat dago eskuragai, gelan zehar entzungai dauden bertsoak bildu eta kontaketa osotasunean gordetzen duena.