Orconera-Lutxanako Ondare Industrial Higigarriaren Zentroan Emakume aitzindariak ingeniaritzan eta Eduardo Torroja Añorgan erakusketak daude ikusgai. Bi erakusketek ingeniaritzak garapen sozial, ekonomiko eta teknologikoari egindako ekarpena nabarmentzen dute.
K6 Kultur Kudeaketaren erronka izan da bi erakusketak espazio berean integratzeko proposamen museografiko bat diseinatzea, edukien berezitasunak errespetatuz eta bisita argia eta intuitiboa erraztuz. Helburua proposamen museografiko malgu eta irisgarri bat sortzea izan da, industria-ondarea eta ingeniaritzaren historia publiko berriei hurbiltzeko.
Urtea:
2026
Lekua:
Orconera-Lutxanako Industria Ondare Higigarriaren Zentroa
Bezeroa:
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Erronka horri erantzuteko, erakusketa-egitura modularrak diseinatu ditugu, espazioa bi eremu bereizitan antolatzeko eta bakoitza erakusketaren diskurtsora egokitzeko. Pioneras de la Ingeniería erakusketan, euskarriak hainbat egituratan banatu ditugu, edukiak ikuspegi desberdinetatik ezagutzeko aukera emanez. Eduardo Torroja en Añorga erakusketarako, berriz, ibilbide linealagoa planteatu dugu, erakusketaren jatorrizko planteamenduarekin bat etorriz. Antolamenduan, gainera, Orconera-Lutxanan dauden elementuak hartu ditugu kontuan, tartean espazioaren parte den lokomotora.
Berrerabili daitezkeen baliabideak
Egitura autoeuskarriek eta berrerabilgarriek ibilbideak berrantolatzeko eta etorkizuneko erakusketa edo jardueretara egokitzeko aukera ematen dute. Horrela, esku-hartzeak egungo beharrei erantzuteaz gain, ekipamenduari etorkizunean beste erabilera batzuk izan ditzaketen baliabideak eskaintzen dizkio.
Seinaleztapenak eta baliabide grafikoek multzoari koherentzia ematen diote. Kolore-kode bat eta orientazio-sistema bat sortu ditugu, erakusketa bakoitza identifikatu eta haren ibilbidea jarraitzeko aukera emateko, bisitaren ulermena errazten duen irudi grafiko bateratuari eutsiz.
Proiektua osatzeko, museografia ekoitzi eta muntatu dugu, komunikazio-plana garatu eta erakusketa-aldian jendeari arreta eman diogu. Lan integral horrek Orconera-Lutxana euskal industria-ondarea ezagutarazteko gune gisa indartzen laguntzen du, ingeniaritzaren historia, protagonistak eta haien ekarpenak publiko anitzengana hurbilduz.
Erakusketen ibiltaritza
Pioneras de la Ingeniería eta Eduardo Torroja en Añorga erakusketak ibiltaritzarako egokitu dira, biak ala biak hasiera batean beste espazio batzuetarako sortu baitziren. Pioneras de la Ingeniería erakusketaren jatorrizko bertsioa 2021ean sortu zuen Valentziako Unibertsitateko Demetrio Ribes Katedrak. Katedra horrek azpiegituren, obra publikoaren eta ingeniaritzaren historia ikertu eta zabaltzen du. Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak zabaldu zituen erakusketaren edukiak, eta, geroago, Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak. Azken horrek Laura Irasuegui euskal aitzindariaren historia gehitu zion Araceli Sánchezerenari.
Eduardo Torroja en Añorga erakusketa, berriz, 2024an inauguratu zen Donostiako Museum Cemento Rezolan, Añorgako frontoia inauguratu zeneko 75. urteurrenarekin bat eginez. Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoarekin batera sustatu zen, eta erakusketa geroago elkargo horren egoitzan ere egon zen ikusgai. Erakusketan CEDEXek, Anta ingeniería-k, Pasaiako Portuak, PACADARrek eta Eduardo Tejera Torrojak hartu dute parte.
K6 Kultur Kudeaketan erakusketen itinerantzia aukera bat bezala ikusten dugu, erakusketak urrunago irits daitezen. Proiektu bakoitzaren funtsa mantenduz, hainbat espaziotara egokitzen diren museografia-soluzioak diseinatzen ditugu. Diseinua, irisgarritasuna eta egitura berrerabilgarriak uztartzen ditugu, ondarea publiko berriei hurbiltzeko.