Ondarearen Europako Jardunaldiak 2026

Ondarea arriskuan

Bere X. edizioan, Ondarearen Europako Jardunaldiak arriskuan dagoen kultura-ondarean eta hura babesteko, transmititzeko eta bizirik mantentzeko moduetan jartzen du arreta. «Gure eskuetan. El patrimonio en nuestras manos» lelopean, antolatu diren 157 proposamenek Gipuzkoako ondarea ikuspegi eta formatu desberdinetatik ezagutzera eta horren inguruan hausnartzera gonbidatzen dituzte herritarrak.

Iraila eta azaroa bitartean, lurraldeko 36 herritan bisitak, tailerrak, erakusketak, hitzaldiak, kontzertuak eta beste hainbat jarduera egingo dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak, beste behin ere, K6 Kultur Kudeaketan jarri du konfiantza proiektu honen bulego teknikoa izateko, eta proiektu honen koordinazioaz eta garapenaz arduratzeko. 

Urtea:
2026

Tokia:
Gipuzkoako 36 udalerri

Bezeroa:
Gipuzkoako Foru Aldundia

 

Jornadas Europeas del Patrimonio 2026
Jornadas Europeas del Patrimonio 2026
Jornadas Europeas del Patrimonio 2026
Jornadas Europeas del Patrimonio 2026
Jornadas Europeas del Patrimonio 2026

Gipuzkoan, Jardunaldiak ondarearen, lurraldearen eta herritarren arteko topagune gisa sendotu dira. Edizio bakoitzean, museoak, elkarteak, udalak, enpresak eta partikularrak gai komun baten inguruan elkartzen dira, ondarea hainbat ikuspegitatik ezagutzeko aukera ematen duen programazioa osatuz.

Hamargarren edizio honetan, arriskuan dagoen ondareari heltzen zaio, biziberritzeko, erresistitzeko eta berriro irudikatzeko proposamenen bidez. Bisita gidatuek, tailerrek, erakusketek, erakustaldiek, hitzaldiek eta kontzertuek hainbat modu proposatzen dituzte zaindu eta etorkizuneko belaunaldiei transmititu nahi diegun horretara hurbiltzeko.

Sarean eraikitako programazioa

K6 Kultur Kudeaketa arduratzen da proiektuaren bulego teknikoaz eta koordinazioaz, Jardunaldietan parte hartzen duten kultur eta gizarte eragileei lagunduz eta haien proposamenak programa komun batean egituratuz. Lan horrek kultur programen diseinua eta koordinazioa, lankidetza-sareen sorrera eta jardueren ekoizpena eta hedapena uztartzen ditu. Horretaz gain, K6 Kultur Kudeaketa arduratzen baita ere PDF formatuan garatzen den programa irisgarria koordinatzeaz.

Ekimen hau Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean garatzen da, eta zeharka lantzen ditu, besteak beste, genero-berdintasuna, irisgarritasun unibertsala, jasangarritasuna eta gizarteratzea.

Emaitza programazio deszentralizatu eta anitza da, ondarea bertan bizi, ezagutu, zaindu eta bizirik mantentzen dutenen esku jartzen duena.

Ekitaldien ibilbidea Gipuzkoa Kulturaren webgunean dago eskuragarri (www.gipuzkoa.eus/jep), baita lurralde osoko kultur etxe eta museoetan eskuragarri dagoen jardueren paperezko katalogoan ere. Euskadiko programa guztiak, halaber, https://www.europako-ondarea.eus/ webgunean kontsulta daitezke.

Ondarearen Europako Jardunaldien helburua da ondarea herritarrengana hurbiltzea, hari balioa ematea eta ondare hori zaintzeak eta transmititzeak gure kultura-identitatearen eta gizarte-kohesioaren parte gisa duen garrantziaz sentsibilizatzea. Horretarako, sarean lan egiten da, lurraldeko eragileen inplikazioarekin, eta hainbat ikuspegitatik ondarea ezagutzeko aukera ematen duen programazioa sortzen da.