Zumaiako tren geltoki zaharreko ondare-eraikinean kokatuta, Mollaberri harrera eta interpretazio gune gisa sortu da, bisitariari udalerria ikuspegi kultural, historiko eta paisajistikotik ezagutzeko gonbita egiteko. Proiektuak Turismo Bulegoa eta «Zumaia historian zehar» izeneko erakusketa iraunkorra uztartzen ditu. Erakusketak herriaren bilakaera eta Euskal Kostaldeko Geoparkearekin duen lotura estua azaltzen ditu. Museografia irisgarri, parte-hartzaile eta eleaniztun baten bidez, bisita ezagutza-esperientzia aberasgarri bihurtzen da, askotariko publikoentzat egokitua.
Urtea:
2022-2026
Bezeroa
Zumaiako Udala
Lekua:
Zumaia
Argazkiak: Cantabrique
Mollaberri Zumaiari interpretazio-gune berri estrategiko bat eskaintzeko sortu zen. Gune horren helburua udalerriko kultura-ondarea, paisaia eta bisitarien esperientzia elkartzea da. Tren geltoki zaharra izan zen eraikin zaharberrituan kokatuta, ekipamendu honek espazio berean biltzen ditu Turismo Bulegoa eta herriaren historiaren irakurketa garaikidea eskaintzen duen erakusketa iraunkorra. Horrela, lurraldea ezagutzeko eta herriaren nortasuna ulertzeko abiapuntu bihurtzen da.
Proiektua 2022-2023 urteetan K6 Gestión Cultural enpresak egindako bideragarritasun azterketarekin hasi zen. Lan horretan Udaleko Kultura eta Turismo arloek parte hartu zuten, baita tokiko kultura-erakundeek ere: Beduola Elkartea eta Zumaiako Industria Ondarearen Informazio Zentroa. Azterlan horri esker, eraikinaren behar funtzionalak zehaztu eta etorkizuneko zentroak hartu beharreko edukiei buruzko kontakizun partekatua eraiki ahal izan zen.
Aurreko lan hori oinarri hartuta, proiektu museografiko osoa garatu genuen: kontakizunaren kontzeptualizaziotik eta edukien antolaketatik (hierarkizazioa, irudien eta ondare-elementuen hautaketa), erakusketaren diseinura, nortasun grafikora eta espazioaren antolaketara arte. Ondoren, 2025-2026 aldian, ekoizpena, muntaketaren koordinazioa eta exekuzio-faseko proiektuaren zuzendaritza hartu genituen gure gain.
Erakusketak Zumaiaren bilakaera historikoan barrena gidatzen du bisitaria, XIII. mendeko hiriaren sorreratik XIX. eta XX. mendeetako garapen industrialera arte. Ibilbide horretan, komunitatearen eta ingurune naturalaren arteko lotura estua nabarmentzen da. Ontzigintza, portuko jarduera, industria, marea-errota eta emakumeek historian zehar izan duten zeregina kontakizun anitz baten parte dira, lurraldearen eta bertan bizi izan diren pertsonen eraldaketa ulertzen laguntzen dutenak.
Proposamen museografikoak formatu handiko ikus-entzunezkoak, multimedia-instalazioak, ondare-elementuak, erreprodukzioak, maketak eta eduki interaktiboak uztartzen ditu, irakurketa-maila desberdinak eskainiz.
Helburua publiko askotarikoarentzat esperientzia irisgarri, dinamiko eta ulerterraza eskaintzea da, bisita autonomoa sustatuz eta interes zein adin desberdinetara egokituz.
Irisgarritasuna proiektuaren oinarrizko printzipioetako bat da. Edukiak hizkera argiz aurkezten dira, irakurketa errazten duen hierarkia bisualarekin, eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez daude eskuragarri; horrez gain, QR kodeen bidez, frantsesezko eta katalanezko eduki osagarriak ere eskaintzen dira. Estrategia horri esker, ezagutzarako sarbidea zabaldu egiten da, erakusketa-esperientzia koherente eta kalitatezkoa bermatuz.
Horrela, Mollaberri harrera-, interpretazio- eta dibulgazio-gune gisa sendotzen da, Zumaiako kultura-ondarea eta Euskal Kostaldeko Geoparkea lotuz. Bertako biztanleei nahiz bisitariei iragana ulertzeko eta lurraldea ikuspegi zabalago eta kontzienteago batetik ezagutzeko gonbita egiten dien esperientzia eskaintzen die.
Erakusketarik onenak elkarlanetik sortzen dira. Diziplina askotako profesionalen arteko lankidetzari esker, ezagutzak, ikuspegiak eta sentsibilitateak uztartu egiten dira proiektu bakar eta berritzaileak sortzeko. Emaitza ondarearekin lotura esanguratsuak eraikitzeko pentsatutako espazioak dira; ezagutza, emozioa eta parte-hartzea ardatz dituen esperientziak, pertsonak erdigunean jarriz.