25. urteurrena dela eta, Igartubeiti Baserri Museoak antolatutako Denbora esku artean erakusketak Urola Garaiko eta Goierriko bost emakume artisauren lanak biltzen ditu, tradiziozko lanbideen, ondare materialaren eta sorkuntza garaikidearen arteko harremana aztertzeko.
Baserriko eguneroko bizitzako objektu zaharrak abiapuntu hartuta, erakusketak lurraldearen nortasunaren parte diren ezagutza oinordetzan jasoei, materialei eta lan egiteko moduei buruzko begirada berriak proposatzen ditu. Denbora esku artean erakusketak artisautza baserriaren memoriaren eta sorkuntza garaikidearen arteko lotura gisa aurkezten du.
Urtea:
2026
Lekua:
Igartubeiti Baserri Museoa
Parte hartzaileak:
Gordailua, Pott Keramika, Leire Santillan, Sandra Cliville, Itziar de la Granja
Irudiak:
Josu Altzelai
Euskal baserria, mendeetan zehar, bizitzeko eta lan egiteko gunea izan da, eta bertan natur baliabideen aprobetxamenduarekin lotutako hainbat jarduera egiten ziren. Lihoa ehun bihurtzea, artilea lantzea, zeramikazko piezak egitea edo saskigintza, eskura zeuden materialak erabiltzean eta belaunaldiz belaunaldi trebetasunak transmititzean oinarritutako kultura materialaren parte ziren.
Lan horietako asko historikoki emakumeekin lotuta egon dira, eta arrasto sakona utzi dute memoria kolektiboan eta landa-paisaiaren konfigurazioan. Hala ere, bizimoduen eraldaketaren ondorioz, teknika eta ezagutza askok presentzia galdu dute egungo gizartean.
Hainbat proiekturen bidez, Igartubeiti Baserri Museoak ezagutza horiek berreskuratzeko eta transmititzeko lan egiten du, belaunaldi berriei hurbilduz eta artisauen, tokiko ekoizleen, kultur eragileen eta herritarren arteko lankidetza-guneak sortuz.
Oinordetzan jasotako objektuen eta egungo sorkuntzaren arteko elkarrizketa
Testuinguru horretan, Denbora esku artean erakusketak baserriko jarduera tradizionalarekin lotutako lau diziplina biltzen ditu: zeramika, lihoa, artilea eta saskigintza. Jone Urain eta Maite Salutregik (Pott Keramika), Leire Santillánek, Sandra Clivillek eta Itziar de la Granjak sorkuntza garaikideko piezak egin dituzte baserriko eguneroko bizitzako objektu zaharrak abiapuntu hartuta. Objektu horiek Gordailukoak dira, Gipuzkoako Ondare Higigarriaren Bildumen Zentrokoak.
Horrela, artisauek hautatutako objektuak sorkuntza berrien abiapuntu bihurtzen dira. Pieza horiek objektuen formak, materialak eta esanahiak berrinterpretatzen dituzte, egungo artisautza-praktikatik abiatuta.
K6 Kultur Kudeaketak garatutako museografia-proposamenak elkarrizketa hori nabarmentzen du. Erakusketako obrak espazioan banatzeak, sorkuntza bakoitzari bere kokapen propioa emateak eta argiztapena zaintzeak artisaunen piezei protagonismoa ematen diete, bakoitzari bere espazioa eskainiz. Pieza horien ondoan, haiek egiteko erreferentzia gisa erabilitako Gordailuko objektu historikoa aurkezten da. Horrela, bi piezen arteko lotura agerian geratzen da, eta bisitariek errazago interpreta dezakete bien arteko harremana.
Emaitzak aukera ematen du lanbide horiek izan duten bilakaera ikusteko, baita lehen erabilera-beharrei erantzuten zieten elementuek gaur egun bestelako irakurketa estetiko eta kulturalak nola hartzen dituzten ohartzeko ere. Obrek iragana eta oraina lotzen dituzte, baina, era berean, egungo ezagutza eta artisautza-praktiken ondare-balioa aldarrikatzen dute.
Museoa, lurraldearekin elkartzeko gune
Artisauekiko lankidetza Igartubeiti Baserri Museoa ingurunearekin eta bertan bizi diren pertsonekin harremanetan dagoen museo gisa ulertzeko modu baten parte da. 25 urteko ibilbidean, ekipamenduak hainbat proiektu eta jarduera sustatu ditu elkarteekin, ikastetxeekin, profesionalekin eta tokiko eragileekin elkarlanean, parte hartzeko eta kultura transmititzeko guneak sortuz.
Komunitatearekiko harreman horri esker, museoak bere bildumak kontserbatu eta zabaltzetik harago doan lana egiten du. Nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, artisautzarekin eta lanbide tradizionalekin lotutako ezagutzek Igartubeitin aurkitzen dute partekatzeko, ikertzeko eta egungo erronka eta bizimoduekin harremanetan jartzeko gunea.
Denbora esku artean erakusketa jarraitutasun horren adierazgarri ere bada.
Gure nortasunarekin lotzen gaituzten jakintzak bizirik mantentzea da proiektu honen helburua. Eskulangintza lurralde baten memoria kolektiboaren eta nortasunaren parte da. Horregatik, lanbide tradizionalak eta sorkuntza garaikidea uztartzeak aukera ematen du belaunaldiz belaunaldi jasotako jakintzen balioa aitortzeko, horiek bizirik mantentzen dituzten pertsonak ikusgarri egiteko eta ezagutza horiek transmititzeko bide berriak zabaltzeko. Ondare hori egungo gizartera hurbiltzeko eta bertan adierazpenerako eta sorkuntzarako aukera berriak aurkitzeko aukera bat da.