Museum Cemento Rezolan ikusi daitekeen “Brutalismoa. Hormigoia. Maite zaitut. Gorroto zaitut” erakusketak, XX. mendeko mugimendu arkitektoniko ezagunenetako baten jatorria, bilakaera eta interpretazio desberdinak ezagutzeko gonbita egiten du.
Hormigoiari presentzia berezia eman zaio museografrian eta erakusketaren diseinuan, ohikotasunetik pixkat urrundu eta bestelako arte batzuei ere lekua eginez, hormigoiaren urbanotasun hori azpimarratuz, grafitiak integratuz, kontraste handiko irudiekin eta hormigoiaren kolore grisa eta apala gorriarekin lehian jarriz.
Urtea:
2026
Tokia:
Museum Cemento Rezola
Komisarioa:
Olatz Ocerin
Irudiak:
Cantabrique
Iritzi kontrajarri gehien sortzen dituen mugimendu arkitektonikoetako bat da Brutalismoa. Ageriko hormigoiaren adierazkortasunak, bolumenen sendotasunak eta apaingarririk ezak miresmena zein gaitzespena sorrarazten dute. Dualtasun horretatik abiatuta, Museum Cemento Rezolak arkitektura brutalistara hurbiltzeko proposamena egiten du erakusketa honetan, haren jatorria ezagutzeko, testuingurua ulertzeko eta ondare garaikide gisa duen balioari buruz hausnartzeko gonbita eginez.
«Brutalismoa. Hormigoia. Maite zaitut. Gorroto zaitut» erakusketa Olatz Ocerin arkitektoaren komisariotzapean egin da, eta mugimendu honen bilakaera aztertzen du, Le Corbusierren béton brut delakoaren eraginetik hasi eta gerraosteko Europan izan zuen hedapenera arte. Brutalismoaren dimentsio soziala eta eraikuntzari lotutakoa lantzen ditu erakusketak, eta Jane Drew, Lina Bo Bardi, Matilde Ucelay, Margarita Mendizábal, Carme Pinós eta Zaha Hadid arkitektoen ekarpenak nabarmentzen ditu, korronte honen erreferenteei eta protagonistei buruzko ikuspegia zabalduz.
Erakusketaren diseinua eta museografia-kontzepzioa
K6 Kultur Kudeaketa arduratu da erakusketaren museografia kontzepzioaz, diseinu expositiboaz eta instalazioaz. Horretarako, edukiak ibilbide batean antolatu ditu, mugimendu brutalistaren etapa eta ikuspegi desberdinak ulertzea errazteko.
Proposamenak espazioaren antolamendua eta erakusketa-baliabideak uztartzen ditu, bisitariari ibilbidean laguntzeko eta erakusketaren edukien irakurketa errazteko. Erakusketa osatzen duten elementuen diseinua, informazioaren antolaketa eta aretoan gauzatzeko modua planteamendu beraren barruan kokatzen dira: bisita-esperientzia argia, irisgarria eta erakusketaren diskurtsoarekin koherentea eskaintzea.
Proiektuak lotura estua du Museum Cemento Rezolaren nortasunarekin eta ingurunearekin; izan ere, zementua industriaren historiaren, paisaiaren eta memoria kolektiboaren parte da bertan. Lotura horri esker, brutalismoa bere ezaugarri formal eta eraikitzaileetatik harago lantzen da, XX. mendeko arkitekturaren aitortzari eta kontserbazioari buruz hausnartzeko.
Ibilbideak, halaber, eraikin horien etorkizunari buruzko eztabaida irekitzen du: zer babestu behar den, zer aukera eskaintzen dituzten erabilera berriek eta nola jokatu oraindik ondare-aitortzarik ez duten eraikinekin.
Proposamen honek arkitektura brutalista herritarrengana hurbiltzen du, eta arkitekturaren, gizartearen eta ondarearen arteko harremanari buruzko galdera berriak planteatzen ditu.
Gai konkretu baten inguruko eztabaida sozial bat gai horren inguruko oinarriak deskubritzeko, protagonistak ezagutzeko eta bere balioak gizarteratzeko proposamen museografiko bat da erakusketa hau. Historia, ondarea eta arkitektura ikuspegi berrietatik begiratzera gonbidatzen duen esperientzia bat.