“Nagusia hil da. Erlauntzaren inguruko erritua” erakusketa da Miriam Montano de Juanek eta Telmo Sánchez Ugaldek Galbahe bekaren lehen edizioaren baitan eta sei hilabeteko ikerketaren ondoren garatu duten emaitza.
Erakusketa Igartubeiti Baserri Museoan kokatu da, eta erleen, heriotzaren eta ondare etnografikoa berreraikitzen duten erritoen arteko harremana aztertzen du, eskulturak, proiekzioak eta inpresioak artikulatuz.
Galbahe beka Igartubeiti Baserri Museoak eta San Telmo Museoak sustatu dute, Gordailuaren (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa) aholkularitzarekin, eta ondare etnografikoa ikertu eta zabaltzea du helburu.
Urtea:
2025
Lekua
Igartubeiti Baserri Museoa
Kolaborazioak:
San Telmo Museoa eta Gordailua
Irudiak: Miriam Montano de Juan eta Telmo Sánchez Ugalde
“Nagusia hil da: Erlauntzaren inguruko erritua” erakusketak mitoak eta praktika sinbolikoak orainera hurbiltzen ditu, erleen, heriotzaren eta errituen arteko harremana eta ondare etnografikoa berreraikitzen duten eskulturak, proiekzioak eta inpresioak artikulatuz. Erakusketa hiru zatitan banatuta dago:
Oihalean egindako inpresioak
Erritualetan erabiltzen diren objetuak imprimatuta erakusten dituzten hiru oihal daude kokatuta Baserriaren sarreran. Montanok eta Sánchezek erritoetan erabiltzen den material hori aukeratu dute, gogoeta gisa eta beren testuingurutik kanpo dauden piezei objektibotasun berri bat emateko.
Bi sortzaileek pentsamendu-objektu, informazio-iturri eta materia sentikor gisa erabiltzen dute argazkia, artelan bihurtzeko gai dena, objektuak artxiboaren parte bihurtuz.
“Memoria-zatiak dira, erakusketa-espazioan birinskribatuak izatean, objektuen historiaz nahiz objektuok berriro aktibatzen dituen begirada garaikideaz hitz egiten dutenak”. Erakusketa irekitzen duten oihal gaineko irudiek “logika horretan parte hartzen dute eta, aldi berean, zalantzan jartzen dute”.
Eskulturak
Proiektu honen zati eskultorikoa gaztainondoen enborra barrutik husteko tradizioan oinarritzen da. Gaztainondo hilen enborrak abiapuntutzat hartzen dira, baina egurraren ordez hormigoia erabiltzen da material gisa. Aldaketa-keinu hori ez da neutroa: “Usadio tradizionaletan, hutsune horrek organismo berri bat sartzea ahalbidetzen zuen, erleak, eta, ondorioz, ekoizpen-babesleku bihurtzen zen. Eskulturaren esparruan, hutsa mantendu egiten da, baina bere funtzioa aldatu egiten da: leku izateari utzi eta zeinu bihurtzen da”.
Hala, kultura-prozesua arkitekturara hurbiltzen ari da. “Testuingurutik ateratzeko prozedura ere funtsezkoa da. Gaztainondo hutsa, menditik atera eta baserrira eramana, lekuz aldatzeko prozesu funtzional batetik pasatzen da. Proiektuak keinu hori errepikatzen eta erradikalizatzen du: forma naturalak, beren baso-testuingurutik erauziak, kanpoko material batean erreproduzitzen dira eta erakusketa-espazio batean instalatzen dira”.
Ikus-entzunezkoa
“Nagusia hil da: Erlauntzaren inguruko erritua” erakusketa osatzen duen hirugarren elementua bideo bat da. Ikus-entzunezko horretan hamar emakumeren ahotsak biltzen dira, eta, elkar lotzean, ahots bakar bihurtzen dira. Hildakoei eta erleei zuzendutako ahozko formulak errezitatzen dituzte, eta hortik generoaren, zaintzaren eta kultur transmisioaren inguruko hausnarketa zabaltzen da.
Amezketako elizan grabatu zuten pieza, argizaiolak oraindik pizten diren azken lekuan. Proiekzioak erakusten du, bizimodu tradizionalak hautsi arren, keinu horiek bizirik jarraitzen dutela ahozko memorian. Hildakoei eta erleei hitz egitea emakumeen, naturaren eta espiritualtasunaren arteko harremanaren lekuko da berriro. Polifoniak agerian uzten du formula horien hauskortasuna, baina baita haien iraunkortasuna ere, mitoa eta oraina lotuz eta emakumeak erritual hitzaren erdigunean jarriz.
Baserrira itzulera
Igartubeiti Baserri Museoan kokatua, “Nagusia hil da. Erlauntzaren inguruko erritoa” erakusketa ikusmenetik harago doa: “Iluntasunak, egurrak eta sagar usainak bisitaria atmosfera batean murgiltzen dute, non memoria eta mitoa zentzumenen bidez aktibatzen diren. Horregatik da garrantzitsua baserrira itzultzea, tradizio horiek sortu eta transmititu ziren gunera”.