CAHH
Centro de Arte de Hortensia Herrero eremuak 2023an ireki zituen ateak helburu bikoitz batekin: arte garaikidea gizartearekin partekatzea eta Valentziako Erkidegoko ondare arkitektonikoa berreskuratzea. Zentroan Hortensia Herrero mezenas eta bildumagilearen bilduma pribatua ikusi daiteke.
Valentziako Valeriola Jauregian dago kokatuta, XVII. mendeko eraikin historiko batean. Eraikina Erre Arquitectura estudioak zaharberritu du; estudio horretako bazkidea da Amparo Roig, Hortensia Herreroren eta Juan Roigen alaba. Historiaz beteriko eraikina da: bertan Valentia hiriko zirku erromatarraren aztarna bat aurkitu da, eta XI. eta XIII. mendeen artean Balansiya musulmanaren parte izan zen.
Hortensia Herrero Arte Zentroa lau solairuko bi eraikinek osatzen dute, guztira 3.500 metro koadrorekin. Bertan, 16 nazionalitate desberdinetako 50 artista ingururen bildumetako 100 obra inguru daude ikusgai.
Arte garaikidea
Bilduma artista garaikideen lanek osatzen dute, besteak beste, David Hockney, Lichtenstein, Miró eta Jaume Plensaren obrek. Horrez gain, bertarako propio sortutako site-specific lanak ere badaude, Olafur Eliasson, Cristina Iglesias, Tomás Saraceno eta Sean Scully bezalako artistenak. Azken horren kasuan, jauregiko antzinako kaperan egindako esku-hartze artistikoa da, non beirateek eta horma-pinturek elkarren artean solasean diharduten.
Urriaren 25era arte, zentroko lehen aldi baterako erakusketa ere bisita daiteke: Anselm Kieferren bederatzi obra biltzen ditu (horietatik hiru Hortensia Herreroren bildumakoak dira, eta sei Anselm Kieferek eta New Yorkeko galeria batek lagatakoak). Erakusketa hau artistak Guggenheimen egin zuen azken erakusketatik 20 urtera antolatu da.
Hortensia Herrero Arte Zentroa aukera paregabea da arte-lanak gozatzeko ez ezik, hiriaren erdigunean dagoen jauregi historiko batean sartzeko eta haren ondareaz gozatzeko ere.